Riglos-eko Emakume Erraldoia

Entzun
Irakurri
Sorcière fileuse, aquarelle XXe siècle, coll. part.

Elezahar honek dioenez, Foz de Escalete arroilan, mendi arteko pasabide natural eder batean, emakume zahar bakarti eta bitxi bat bizi zen. Bertako jendeak esaten zuen sekulako tamaina zuela, eta auzokide guztiek beldur zioten. Era guztietako zurrumurruak sortu ziren haren inguruan. Eta jakina da zurrumurruekin zer gertatzen den, askotan errepikatzearen poderioz jendeak sinetsi egiten baititu. Emakume zahar bakartia sorgina zela esaten zen. Egia esan, irulea zen eta lihoa Gállego ibaiko ur garbi eta freskoetan bustitzen zuen. Gainera, emakume zaharra inguruko basoetan ibiltzen ziren izaki ilun eta gaiztoen laguna omen zen. Baina, egia esan, inoiz ez zion inori minik egin, eta, gainera, natura eta animaliak maite zituen.

Foz de Escalete-Comarca Hoya de Huesca-E.Anía

Bere tamaina handiagatik edo sorgin famagatik, jendeak arbuiatu egiten zuen. Egun batean, beti erakusten zioten gaitzespenaz nekatuta, naturan babestea erabaki zuen, seguru eta aske sentitzen zen tokian. Ezerezetik, bi harritzar handi agerrarazi zituen babesean egoteko. Sekulako indarrarekin harritzarrak airean altxatu ondoren, Gállego ibaiaren ondoan iltzatu zituen. Horrela sortu ziren Riglos-eko Mallo ikusgarriak. Harrezkero, han ezkutatzen omen da, pertsonen begirada eta iritzietatik urrun.

Río Gallego y Riglos-Comarca Hoya de Huesca-E. Anía

Benetako sorgina ote zen? Baliteke, baina, nolanahi ere, sorgin ona litzateke, inork ezin izan baitu ezer txarrik egin zuenik frogatu. Harilkatu besterik ez zuen egiten, eta, edonola ere, paisaia magiko eta ikusgarri bat utzi zigun.

 

Eta zer gertatu zitzaion emakume zaharrari? Inoiz ez zen ezer gehiago jakin hartaz, nahiz eta batzuek ikusi egin dutela dioten. Udako solstizioaren etorrerarekin bakarrik agertzen omen da, urteko gaurik luzeenean, San Joan egunean. Gauerdian, Pison malloan, mallo handienean, eserita ikus daiteke, lasai atseden hartzen. Handik ikusi dutenek diotenez, bere ile zuri luzeak kontu handiz orrazten aritzen da tarteka, orrazia ibaiko uretan bustita. Beste batzuek diotenez, oin bat Murillo-ko Peña Rueba haitzean eta bestea Riglos-en ezarrita dituela ikusi dute, ibaiaren gainean makurtuta, bertako uretan bustitzen garai batean bezala iruten jarraitzen duen lihoa.

Bonus
Atardecer en los Mallos-Comarca Hoya de Huesca-E.Anía.jpg

“Malloen Erresuma”, Aragoiko Pirinioaurrean, Erdi Aroko historiaren eta elezaharraren artean agertzen den kokagune bat da. Esaten denez, Pedro I.a erregeak, lurralde hau, bere emazte Berta andereari herentzian utzi zion, hau baitzen bere edertasunarekin konpara zitekeen paisaia bakarra.

 

Paisaia polit eta malkar honek, “malloak” izeneko harkaitz formazio harrigarriz zipriztinduak, leku magiko bihurtzen duten istorioak eta kondairak sortzen ditu. Horien artean ezagunenetako bat Riglos-eko Emakume Erraldoiaren historiari buruz irakurri edo entzun berri duguna da.

Santiago Ramón y Cajal, 1899, Clark University

Santiago Ramón y Cajal gaztea ere, Medikuntza eta Fisiologiako Nobel sariduna, txundituta geratu zen paisaia horren edertasunarekin Pirinioetara egindako bidaietan.

 

Zientzialari handi hori Ayerben bizi izan zen bere haurtzaroko eta gaztaroko aldi batzuetan, mallo ikusgarrietatik gertu. Beraz, ez da harritzekoa bere autobiografian, Recuerdos de mi vida (Ramón y Cajal, 1901) liburuan, aipuak aurkitzea horri buruz eta naturarekiko bere zaletasunari buruz. Bertan, Gállego ibaiaren ertzean dagoen paisaiaren bere deskribapena irakur dezakegu: “Ez zen nekatzen milaka xehetasun zoragarriak miresteaz bidean”. Eta eragin zion zirrara lehen aldiz malloak ikus zituenean: “Inguruko beste akzidente batzuen artean, betiko gogoan geratu zaizkit Rigloseko mallo erraldoiak, titanen jauregi bateko kolomadien antzekoak”.

Tren por los mallos de Riglos-Comarca Hoya de Huesca-J.L Fortuño

Santiago Ramón y Cajalen bizitza interesgarriari buruz gehiago jakin nahi duzu? Eta bizi izan zen leku zoragarria ezagutu? Ayerben dagoen Ramon y Cajal Interpretazio Zentroa bisitatzera gonbidatzen zaitugu. Neurozientzia modernoaren aitatzat hartzen den ikerlari honen bizitza interesgarria eta lorpen zientifiko handiak ezagutuko dituzu, eta, aldi berean, leku paregabe bat topatuko duzu.