Lecina-ko artea

Entzun
Irakurri
Le chêne vert de Lecina - Comarca de Somontano de Barbastro (Ignacio Pardinilla)

Arte honek, Aragoiko zuhaitz handienetako bat izateaz gain, elezahar eder hau jasotzen du:

 

Duela urte asko, animalia basatien eta sorgin beldurgarrien babesleku ziren arte-baso zeharkaezinez inguratuta egon zen herria. Basoko zuhaitzak poztu egiten ziren, horrela jendea ez baitzen bertara sartzen egurra, ezkurrak, hostoak… biltzera. Baina arteetatik gazteena oso haserre zegoen basoak hain ospe txarra zuela ikustean.

 

Sarritan eztabaidatzen zuen gaztetxoak beste zuhaitzekin. Sorginek, gaztearen protestak entzun ondoren, alde egitea erabaki zuten. Lehenik, arterik zaharrenei esker ona erakutsi nahi izan zieten haiengandik jasotako babesagatik eta, hala, nahi zutena eskatzeko esan zieten: zuhaitz talde batek bere adarrak eta hostoak urrezkoak izatea nahi zuen; beste batzuek airean lurrinik gozoenak zabaldu nahi zituzten, eta beste batzuek beren hostoak kristal puruenaz eginak izatea. Arte txikiak bakarrik nahi zuen berdin jarraitu.

 

Sorginak joan ondoren, haize eta txingor ekaitz handi bat piztu zen, eta, ondorioz, hautsi egin ziren kristalezko zuhaitzak. Beste egun batean, artalde batek jan zituen hosto lurrintsuak, eta, azkenik, lapurrek berehala txikitu zituzten urrezko zuhaitzak.

 

Baso eskerga hartatik zuhaitzik gazteenak baino ez zuen biziraun eta guztiek errespetatu zuten harrezkeroztik.

Bonus
Guara, mendi magikoa
Canyon du Mascún, avec ses formations de karst – photo Asociación de empresarios de la Sierra de Guara
Canyon du Vero, photo Comarca de Somontano de Barbastro (Ignacio Pardinilla)

Pirinio aurreko mendilerro honek Huescako probintzia zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera, Alto Gállego, Hoya de Huesca, Sobrarbe eta Somontano de Barbastro eskualdeetan zehar. Gunerik altuena Tozal de Guara da (2077 m).

 

Losa Mora trikuharria mendilerroaren erdian dago, Mascún-etik gertu. Amildegi honek hausturak ditu norabide guztietan, bere ardatzarekiko paraleloak eta perpendikularrak. Orratzez eta dorreez osatutako leku magiko bat da.

 

Harresi arrokatsu bat du, Ciudadela deitua, eta forma biribileko monolito erraldoi bat, Cuca Bellostas deitua, inguruko Otín herriko pertsonaia bati zor diona izena. Higadurak bi arku natural zabal eta ikusgarri ireki ditu, Los Ventanales deituak; bat izurde formakoa.

 

Forma misteriotsu horiek ikusita, lekuari Mascún (espirituak bizi diren lekua) izena eman zioten arabiarrek.

Guarako sorginak
Sorcière en vol, illustration de Laura Lavedán (Comarca de Somontano de Barbastro)

Munduko bazter ezberdinenetako kultura guztiek sinetsi izan dute aztiengan edo magia baliatuta sendatu edo gaitzak eragin ditzaketen pertsonengan. XVI. eta XVII. mendeetako Europa ez zen salbuespena izan, eta horregatik egin zen benetako sorgin ehiza bat (60.000 mila pertsona inguru exekutatu ziren kontinentean kausa horrengatik).

 

Eta, izan ere, garai hartatik lotu izan dira sorginak akelarreekin (deabrua agertzen zen gau-bilerak) eta sorginkeriekin (gaixotasunak, heriotzak, ekaitzak…). Aragoi Garaia ez zen salbuespena izan, eta hemen sorginen kondena eta exekuzio-kasu ugari gertatu ziren, haiek bizi ziren kontzejuek sustatu ohi zituztenak, eta ez inkisizioak, uste ohi den bezala. Gainera, kondenarik ohikoena urkamendia zen, eta ez sutan hiltzea.

Gordetako dokumentuen argitan, sorgina, adineko emakume bat zen, sendagai naturaletan ezagutza handia zuena; landareek eta edabeek sendatzeko zuten ahalmenaren jakitun zen bera. Eta sendagile ez ezik, emagina zen ere, eta bere herria suntsitzen zuten gaitzak, heriotzak, gaixotasunak, izurriteak, uzta txarrak… etenarazten zituen.

 

Hala, sorgin tradizio zabala du Guarak. Ostiral gauean, sorginak akelarreetan elkartzen ziren herrietan, Lecina-n besteak beste, eta magiaz edo lekualdatzen ziren ere Tozal de Asba-ra (Betorz).

 

Vero ibaiko Parke Kulturaleko emakume sorgin ezagunenetako bat Pozán de Vero-ko Dominica la Coja da. Alarguna zen eta seme bat zuen, eta sendagile lana egiteko behar zuten auzokoek, batez ere gaixo zeuden haurrentzat. Erreuma, asma, hazteria… sendatzeko erremedio natural ugari ezagutzen zituen, eta, horrela zabaldu zen, pixkanaka, sorginkeriak egiten zituenaren zurrumurrua. Inkisizioak kondenatu zuen eta Zaragozako espetxean hil zen.

Buerako Dontzeila: Alquézarreko konkista
Alquézar – photo Asociación de empresarios de la Sierra de Guara

Vero ibaiko Parke Kulturalean, eta Guara mendilerroan ere, garrantzi handiko gertaera historikoei lotutako elezaharrak mantentzen dira. Hala, Alquézarreko konkistaren ingurukoa da bat.

 

Mairuen erregeak etengabeko gehiegikeriak jasatera behartzen omen zituen bere menpekoak, eta, bere apetak asetzeko, inguruko birjina gazte ederrenak berari emateko eskatzen zuen. Halaxe izan zen, harik eta Buerako neska ausart batek aurrea hartu zion arte.

 

Arratsean, bere jantzirik sotilenak jantzi, ile hori luzeak orrazi zorrotz batez bildu, eta gaztelura joan zen erregeari bere burua eskaintzera, zeinak berehala galdu baitzuen burua ardoagatik eta neskaren edertasuna ikusita. Neskak ilea askatu zuen, eta erregea bere edertasunaren aurrean errenditurik erori zenean, bihotzean iltzatu zion bere orrazia. Haren ezpataz burua moztu eta leihotik atera zuen.


Seinale horrekin, kristauek erasori ekin, eta musulmanek ‒nahasirik, buruzagirik gabe eta galduta‒ euren burua hiltzea erabaki zuten. Zaldiei begiak lotailuz estali eta lauhazka erori ziren amildegian behera. Gau batzuetan oraindik irrintzi eta oihu etsiak entzuten omen dira han: soldadu mairuen arimenak.

Sevil-eko Amonak : Mantendu beharreko ondare immaterial joria

Vero ibaiko Parke Kulturala eta Guara mendilerroa osatzen duten herri txikiek belaunaldiz belaunaldi transmititu den ahozko tradizio aberatsa gorde dute. Sutondoan, gurasoek seme-alabei kontatu izan dizkiete Aragoi Garaiko bazter hau bereizten duten elezaharrak, mitoak eta tradizioak.

 

Horren adibide dira Sevil-eko Amonak: ahozko tradizioaren altxorra, elkartu egiten dituena elezaharretako gertaera bat, mitoei lotua, eta Adahuesca herriko biztanleek oraindik ospatzen dituzten jai erritual ezberdinak.

Les Grands-Mères de Sevil cherchent un asile, L. Lavedán (Comarca de Somontano de Barbastro)

Elezaharrak dioenez, izurriteak Sevil mendilerroko hainbat herrixkatako biztanleak suntsitu omen zituen. Bi emakume zahar baino ez ziren bizirik irten. Halabehar hura saihesteko, ihes egitea eta inguruko herrietan babesa eskatzea erabaki zuten. Radiquero-n eta Alquézarren saiatu ondoren, azkenean Adahuesca izan zen hartu zituen herria. Jasotako arretagatik esker ona erakutsi nahian, bizilagunei eman zieten beren jabetzan geratu zen Sevil mendilerroa, hiru baldintzarekin: Lehena, maiatzaren 20an, Crucelós izeneko parajera joan behar zuten, eta bertan lurperatu behar zituzten beren gorpuak, beren hilobiaren ondoan otoitz egin zezaten. Bigarrena, leku berean “la Caridad” (opiltxoak eta ardoa) banatu behar zieten bertaratuei. Hirugarrena, Santa Ana egunean (uztailak 26) udareak emango zizkieten Adahuescako haurrei. Azken baldintza hau “Correperas” izenez ezagutzen da.

Pélerins à Crucelós, L. Lavedán (Comarca de Somontano de Barbastro)

Elezahar honi lotzen zaio Adahuescak jabetzan hartu izana Aragoiko zenbait erregek hiribildu honi emandako Sevil mendilerroa, dokumentu multzo garrantzitsu batean jasota geratu den gertaera, alegia.

XXI. mendean ere, ziklo hau urtero jarraitzen dute aboszenseek, eta herrian dagoen Kondaira eta Tradizioen Interpretazio Zentroaren oinarria da.

Salle des sorcières dans le Centre d’interprétation des Légendes et Traditions d’Adahuesca – Comarca de Somontano de Barbastro (Ignacio Pardinilla)