Urrezko zezena

Entzun
Irakurri
Castillo Os-Muros en Ayerbe-Comarca Hoya de Huesca

XI mendea aurreratuta, armada kristauen bultzadak, Marcuello eta Loarre-ko gaztelu hurbil eta menderaezinetan oinarriturik, behartu egin zituen musulmanak Ayerbe-ko gotorleku tradizionala uztera. Ordura arte, zelatari-lanak egin zituen hiru mendez, Gállego ibaiak Aragoi zaharraren bihotzerantz zabaltzen duen pasabide naturalaren aurrean.

 

Gutxika egoerak okerrera egin zuenez, musulman batzuek ihes egitea erabaki zuten, eta beste batzuek amore ematea, eta askok, ondo pentsatu ondoren, bertan geratzea erabaki zuten.

Nicolas Poussin, L'Adoration du veau d'or, 1633-34 Londres, National Gallery

Denen artean eztabaidatu zen zer egin, eta, gotorlekutik irten aurretik, urrea zuten altxor eta gauza guztiak urtzeko eta urrezko zezen eder bat egiteko erabakia hartu zuten. Ayerbeko gazteluaren lurrazpiko pasabideetako batean ezkutatzea erabaki zuten, egoera hobetzen zenean berriz berreskuratzeko zain. Hala ere, hilabete batzuen ondoren, kristauak egin ziren gazteluaren jabe betiko, eta urrezko zezenaren kokalekua, kontu handiz ezkutatua, sekretu bihurtu zen.

D’après Heinrich Schliemann, Fouilles de Troie, 1831

Jaun kristau berriek, zezen haren berri zutenek, eta gutiziak itsututa, igarle batzuk kontratatu zituzten zehazki zein lekutan zegoen jakiteko, herrian geratu ziren musulmanek ez baitzuten sekula inolako aztarnarik eman urrezko zezenaren kokaleku zehatzari buruz. Jornalariak kontratatu zituzten, txandaka induskatzeko igarleek han zegoela zioten uharkan. Han, mota guztietako armak, tresnak, zeramikazko edalontzi ederrak agertu ziren, baina urrezko zezenik ez, hogeita hamar metro baino gehiagoko zuloa egin arren. Azkenik, indusketetan asteak eman ondoren, eta denen iseka ikusita, bertan behera geratu zen bilaketa. Hala, berri pozgarria izan zen hura Ayerbeko mudejarrentzat.

 

Gaur egun ere, noizean behin, bada norbait hondakin agurgarri horiei beren sekretua erauzten saiatzen dena, Ayerbeko gaztelu eraitsiaren inguruan ezkutatuta dagoen urrezko zezen hori, bertako biztanle musulmanek garai hobeen zain lurperatu zutena, non dagoen jakiteko.

Bonus
Monte de San Miguel Ayerbe-Comarca Hoya de Huesca

“Malloen Erresuma” deritzana, Huescako probintziaren ipar-mendebaldean, mugako lurraldea zen Aragoiko Pirinioaurrean, Erdi Aroan. Musulmanek Zaragozan gobernatzen zuten eta goarnizioak eraiki zituzten iparraldetik zihoazen gerlari kristauen mugimenduak behatzeko. Gaztelu handien aztarnek irauten dute bertan, gure mendietan errotuta geratu diren gotorlekuak edo kristauen eta musulmanen arteko borroka bizi izan zuten gure paisaiekin uztartuak. Gaztelu hauen inguruan oinarritzen dira elezahar batzuk, besteren artean, Ayerberi eta bertako gazteluari buruz irakurri duguna.

Vaguadas de Ayerbe-Comarca Hoya de Huesca

Aragoin tradizio luzea dago musulmanei buruz. Hala tradizio horrek dio, musulmanek, beren altxorrekin ihes egin ezin izan zutenez, lurperatu egin zituztela, itzuli eta lurpetik ateratzeko itxaropenarekin. Huescako probintzian, Ayerben ez ezik, Belsué-n eta Lanaja-n ere aurki ditzakegu horrelako altxorren elezaharrak.

 

Aberastasun ezkutuen existentzia elezahar eta ahozko tradizio herrikoi ugariz inguratua dago, gurasoetatik seme-alabetara transmititua. Ez da arraroa altxor ezkutuak musulmanei egoztea, aberastasun asko pilatu baitzituzten.

 

Kristauek aurrera egin ahala berehala alde egin behar izanak eragotzi egin zuen, jakina, beren ondasun guztiak berekin eramatea. Hala, beren altxorrak bertan ezkutuan utzi behar izan zituzten, lur azpian, kobazuloetan, pasabideetan, muinoetan, harkaitzetan edo gazteluetan. Horrela ziurtatzen zuten etorkizunean beraiek edo beren ondorengoek berreskuratu ahal izango zituztela.