Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Zaharberritu aurretik
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1993an erosi zuen Igartubeiti baserria, eraikin paregabea baitzen Gipuzkoako Lurralde Historikoko arkitektura tradizionala eta baserri giro zaharra adierazteko: eraikina gorde beharra zegoen, etorkizuneko belaunaldiek ere jakin dezaten behinolako bizimodu haren berri. Jakin eta gozatu dezaten, izan ere, oso gogoan eduki behar da arkitektura mota hori eta, jakina, bere inguruko bizimoldea ere gainbeheran etortzeko edo, okerrago oraindik, erabat galtzeko arriskuan zegoela.
Zaharberritze lan guztian oso garbi izan dute baserria berreskuratzeko prozesuan zorroztasun zientifiko handienaz jokatu beharra zegoela, eta azkenean museo gisara erakutsia izan behar zela. Bi xede horien aginduetara, diziplina eta jakintza alor askotako lan taldea aritu zen lanean, arkeologoak, arkitektoak, etnografoak, historialariak, museologoak, zaharberritzaileak…..
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Igartubeitiren zaharberritzea
Igartubeitin burututako lana erronka handia izan zen denontzat, hain zuzen jarraitzeko moduko eredurik ez zegoelako esku-hartzeari hainbeste ikuspuntutik heldu ahal izateko.
Esku-hartzearen filosofia
Igartubeiti eraiki zutenetik gaur egun arte aldaketak jasan ditu, elementuak erantsi dizkiote, beste batzuk kendu dizkiote, etab, baina beti izaki biziduna balitz bezala eraldatu dute, bizitzarako eta produkziorako eginkizun garbiak emanez. Esku-hartzearekin, eginkizun horiek desagertu ziren, ikerkuntzarako eta horrelako elementuei buruzko zabalkunderako tresna izateko.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Ganbara zaharberritu aurretik
Kontuan harturik baserriak zutik egondako epe luzea, bere 450 urteko denbora horretan garai zehatz bat aukeratu behar zen, horrexetan etetearren baserriaren bilakaera. 1630eko urtea aukeratu zen, bai berrikuntzarako aukerak erabakitzeko bai ‘denbora’ kontzeptuak funtsezko balioa izan zezakeen beste egoera batzuetarako erreferentzia gisa.
Esku-hartzearen helburua ez zen soilik elementuen zaharberritze hutsera mugatzen, zeren eta elementu horien zabalkunde didaktikoa baitzuen azken xedetzat.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Arto aletegia zaharberritu aurretik
Arkeologi lana
Baserria garbitu eta mantentzen zituen egituren lehen balorazio bat egin ostean, bere jatorrizko elementuak ezagutzeko arkeologi esku-hartze bat egin zen. Eskuhartze honen helburua baserrian zeudekeen arkeologi aztarnak dokumentatzea zen.
Lehenbiziko lana baserriaren lurpea industea izan zen. Helburua XVI. mendeko baserriarekin lotutako egiturak aurkitzea zen, emaitzarik izan ez bazen ere. Dena den, baserriaren aurretiko bizileku-egitura baten aztarnak aurkitu ziren, perimetroko egitura zurezko 23 zutabetxoz osatutako etxolagune batenak. Hauxe da Euskal Herriko itsas isurialdean aurkitu den Erdi Aroko baserri arkitektura iraunkorraren lehenbiziko alea.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Etxolagunearen aztarnak
Agiri aztarna fidagarrien arabera badirudi baserri errenazestistaren familia jabe eta fundatzaileak mendeetan zeharreko lotura izan duela gaur egun eraikina dagoen orubearekin. Izan ere, XIV eta XV. mendeko agiri batzuek erakusten digutenez, orube horretan Erdi Aroaz geroztik nekazari askeen familia bat izan zen, eta aipamena egiten duten iturriek Yartua edo Iartu izena ematen diote familiari.
Zundaketa batean, sukalde ondoko logelan zulo ezkutuko bat topatu zen, gauza baliotsuak, elikagaiak gordetzeko, gizarte, ekonomi zein politika mailako une ezegonkorretan erabiltzeko. Kronologia erabakigarririk ez dagoen arren, XVII. mendeko handitze lanak baino geroagokoa da. Arrazoizkoena litzateke XIX. mendearen hasierako frantzes okupazioaren episodioekin, bi karlistaldiekin edota 1937-37ko gerra zibilarekin eta honen gerraostearekin lotzea ezkutalekua.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Zulo
Zaharberritu aurretik zeuden egituren dokumentazioa
Baserriaren egitura finkatzeko bidea aukeratu eta gero, ezinbestekoa izan zen eraikina piezaz pieza eta oso-osorik desmuntatzea; honetarako lan espezifiko baten beharra planteatu zen, hau da, pieza bakoitzaren identifikatze xehekatua, desmuntatze dokumentatua, sailkapena eta geroko berreraikuntza arteko behin-behineko metatzea alegia.
Arkeologi lanaren bigarren fasea egiturak dokumentatzekoa izan zen. Horretarako banan bana hornitu ziren, zenbakiz, baserria osatzen zuten pieza guztiak, zutabe nagusietatik hasi eta egiturako pieza txikienetaraino helduz, zenbakia grabatua zuten plastikozko etiketa urdinak erabiliz, abelburuak identifikatzeko erabiltzen diren horiexetakoak hain justu. Seinaleztatze honetan, piezaren orientazioa mantentzea ere izugarri garrantzitsua zen, hori lortzeko, protokolo bat finkatu zuten. Ondoren zuretako bakoitza marraztu eta kokatu egin zen, identifikazio zenbakiarekin batera.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Etiketa
Informazio guzti hau planoetan islatu zen, eta halaz baserria desmuntatu ondoren ere argi zegoen pieza bakoitzaren kokalekua zein zen.
Egiturako piezak aztertzean eta egungo eraikinean duten kokapena ezagutzean, XVI. mendeko jatorrizko eraikinarenak izan arren lekuz aldatu eta XVII. mendeko zabaltze lanaren zati bihurtutako batzuk identifikatu ahal izan ziren, egungo fatxadako zutabeak esate baterako.
Seinaleztapenak, halaber, ziurtatu zuen pieza bakoitza zegokion tokian jarriko zela atzera baserriaren berreraikuntzan zehar, hau da, akatserako aukerarik ez zegoen, eragotzi egin behar baitzen egiturare berreraikuntzan arbitrariotasunak inolako tokirik hartzea.
Gainera, piezen erregistro bat egin zen, datu garrantzitsuak jasotzen zituzten ohar eta iruzkinez osatua: kokapen-aldaketak, duela gutxiko elementuak, kontserbazio egoera, etab. Izan ere, datu horiei garrantzitsu iritzi zitzaien, bai oso-osorik edo zerbait txertatua zutela eraikinera itzuli ziren elementuak baloratzeko, bai beste zenbait elementu gorde –berezitasunen bat zutelako- edota baztertzeko –ezin egoera txarragoan zeudelako edo garrantzirik gabekoak zirelako-.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Oholak desmontatu baino lehen
Dokumentazio lanaren barruan, beste atal garrantzitsu bat baserrian aurkitutako bizileku-egituraren moldea egitea izan zen.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Etxolaren moldea egiten
Esku hartzeko irizpideak
Material berrien ekarpenetan oso-oso kontuz jardun ziren. Ekarritako oholak zaharrak izan ziren, berrerabiliak, ostatu behar zituztenen espezie, kalitate eta akabera berdinekoak. Gauza bera esan behar da galdutako piezak birjartzeko edo neurri batean hondatutako beste batzuk osatzeko erabili ziren zurezko piezei buruz ere, guzti-guztiak erauzketa-lanetatik eskuratu eta berrerabilitako piezak izan baitira, arreta handiz aukeratuak beti ere bi mendetik gorako antzinatasuna egiaztatzen zuten materialen artean.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Baserria
Jorratutako irtenbidea
Babesak
Aztarna arkeologikoak polietilenozko orri batez, hareazko betegarri batez eta honen goreneko zatian hormigoi pobrezko erremate bat eginez babestu ziren.
Murruak
Eraikineko harri-hormak berreskuratu zituzten. Jatorriz erabilitako mortairua kare eta hareazkoa izan zen. Kare hidrauliko naturala erabili zen, harea horiz eta bertako arbel harria joz lortutako agregakin fin batez masa eginda. Kare mortairu honi gogortzeko bizkortzaile batzuk eta iragazkaizgarri batzuk erantsi zitzaizkion eta horiek, denborak aurrera egin ahala, lur antza eman diote.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Mortairua
Egurrezko egitura
Desmuntatutako piezak onddoak eta intsektuak akabatzeko soluzio batez betetako depositu batean murgildu ziren, zuntzak saturatu ziren arte; saturazio hori, produktu-kontsumoa eten zenean egiaztatu zen. Zura tratatu eta elikatu ondoren, saneatze eta garbitze mekanikoaren fasea hasi zen.
Desmuntatzeak erraztu egin zuen piezetako masak garbitzea eta berreskuratzea tailer edo laborategiko baldintzen oso antzekoetan. Garbiketa lanetan baliabide mekanikoak erabili zituzten, hala nola zerra, zeioak, arrebotak eta trintxak.
Berreskuratze lanetan konpondutako piezaren mota, zain eta ale berdin berdineko zura erabili zen. Osagarrietarako zura pieza zahar lehorretatik eskuratu zen, beti konpondutako piezaren hezetasun-maila berekoa baliatuz.
Atzera muntatzeko lanen aurretik, kolatze esperimentu bat egin zuten, hormigoizko piezak lotzeko propio egindako erretxina epoxidiko batez egindako kola lortuz.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Zutabe zaharberrituak
Zoruak
Harlauzak baserriaren atari zabalera mugatu ziren, eta honen barruan, erdiko ingurura.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Atariko zorua
Zurezko tarima solairuaren ekialdeko aldean kokatutako logeletarako erreserbatu zen, XVII. mendeko zabaltze lanen hegal oso hau hartzen duten horietarako alegia, eta baita, goiko solairu osorako ere. Zoru horiek beren jatorrizko mailan utzi zituzten, kutxaren lurperatzeak logela nagusian ukitutako inguruan izan ezik.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Zurezko tarima
Buztin zanpatuak beheko solairuko beste azalera guztia hartzen du. Nahasketa berezi bat erabili da, buztin iluna, kare-aglomeratzailea eta behi-gorozki portzentaje bat, behar zen kolorea, ehundura eta usaina lortzeko.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Zorua
Prentsaren eraikuntza
Prentsa berreraikitzeko piezek produktuaren kalitate eta osasungarritasunean kalterik eragin zezakeen produkturik, esaterako intsektizidarik gabeak izan behar zutenez, zur berria erabiliz egitea erabaki zuten. Askapeko habeak -sobiganoak-zurezko piezak dira, sekzio itzelekoak, 0,60 x 0,60 metro karratu ingurukoak alegia, eta multzoaren zurruntasuna sendotzeko direla ustea izan dute. Kontua da habe izugarri horiek bi piezatan daudela oinarrituta, marrana deituan aurrealdetik, eta balezta izenekoan hondoan; eta bitxia bada ere, oinarri horien sekzioa askoz ere txikiagoa da. Paradoxa honek neurri guztiak gainditzen zituen baleztan- pieza honen izenaren arrazoia zera dugu, kontzerbatutako pieza gehienek muturretan inolako euskarririk ez izana.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Askapeko habeak
Askapeko habeen gainean, horiek beren sekzio izugarriaren halako bat eta erdi hartzen ez duten tarteez bereizirik daude, pats-aska oinarritzen da, 12-14 zm lodiko taulamendu sendoa berau, zeioz landutako maldatxoa duena, gainean prentsatzen diren sagarren muztioa pixkanaka-pixkanaka isur dadin. Pats-askaren muga gisa kartola edo parapeto baxu moduko bat, normalean metro erditik gora egiten ez duen irteune bat duena eta ohol horizontalez hornitua; horiek gehiago dira lan-eremua mugatzeko, sagar-kargari eusteko baino, izan ere sagarrek ez dituzte taula horiek ukitu behar.
Multzo honen gainean prentsa-habea dugu, bere urkatxo, azkoin eta pisuarekin. Habea pieza ikaragarria da, besterik gabe, eta honetarako propio aukeratutako zuhaitz baten enborra landu behar izan zen.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Dolareko habea deskargatzen
Pisua bera ere propio landu behar izan zen, bertako harri trinkoz, ofitaz hain zuzen, eta kontserbatutako beste pieza batzuk ikusirik deduzitutako krokadura-mekanismoa prestatu zitzaion. Esfortzu guztiak lotzen eta mailakatzen dituen ardatzaz, behar duen moduan, landutako zurez egina da, nahiz heresia izengabe batez zur tropikala erabili den, erabil zitezkeen hemengo bertako zurak baino askoz egonkorragoa delako.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Ardatza
Behar adina dokumentazio eskuratu da, halaber, XVI. mendean ohikoa zen habe luzeko dolarea oso-osorik berreraikitzeko, baserriaren egituran bertan gugana heldu diren aztarna urri horietatik abiaturik, eta horiek garai bereko beste baserri batzuetan aurkitu antzeko elementuekin edota osagarriekin alderatuz; are gehiago, Gaztela, Andaluzia, Kanariar Irlak edota Portugal inguruko dolareak ere baliagarri izan dira horretarako.
Dolarearen pisua eta habea urtetan zehar aztertutako dokumentaziotik eta bildutako landa-datuetatik abiaturik burutu ikerlanari jarraiki diseinatu ziren. Lehenari dagokionez, inguruko harri gogor eta dentsitate handienekoa aukeratu zen, ofita hain justu, eta piezaren elaborazio-ziklo osoa burutu zen gainera. Eskualdean horretarako egokiak ziren lurretan harri natural bat bilatu zen, eraldatzeko modukoa, hau da, koherentea, neurri egokikoa, zain zein pitzadurarik gabea, bide edo errepideetatik hurbilekoa eta erauzi eta eskuratzeko zailtasun berezirik gabea. Ebakitze eta lantze lana tailerrean zuzendu zen, eta ardatzean kokatzeko pieza txikiak antzeko beste dolare batzuetan ikusitakoetan oinarrituta egin ziren.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Sarrerako ardatza
Bihurkina-ardatz hariduna-egiteko, hainbat urte lehenago beste baserri batzuetan agertutako zenbait ardatzen hondarretan bildu datuak hartu ziren, pieza berria neurri berrien arabera diseinatu zen, zuraren kalitatea zehaztu zen, eta haritz berria agertu zen zur mota egokien. Pieza hariduna, 6 metro luzekoa bera, tailer espezializatu batean torneatu zuten.
Haritz zur berriko habea egiteko, 10 metro luze izateaz gain sekzioak ere metro erdi inguru hartzen baitzuen koadroan, zuhaitz egokia Lapurdin bilatu behar izan zen, zeren eta ohiko hornidura basoetan ez zegoen hain ale handirik. Zuhaitza bota, zerrategian eskuairatu, garraiatu eta baserrian jarri arteko prozesu osoan jarraipen zorrotza egin zen, eta behar moduan dokumentatu zen gainera, zaharberritze prozesuan sartutako beste elementu guztien elaborazio-zikloak dokumentatu ziren bezalaxe.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Haritza
Azken akabera
Sukaldea
Lehenbiziko pausoa gune hartan nagusi izango zen giro iluna, beltza erreproduzitzen saiatzea izan zen; izan ere, suak ez zuekan tirorik (hiru zulo besterik ez pareko horman) eta ia-ia ke eta kedar guztia gelan geratzen zen, irtenbide bakarrak baitzituen, batetik, baoak, hala ateak nola leihoak, eta bestetik paretetako zirrikuetatik iragaztea eta aldameneko eta lehen solairuko lokaletako inguru hurbilak neurri batean kutsatzea. Horretarako ore bat egin zuten, nagusiki aguaplasta erabiliz ke-pigmentu beltz, itzal-lur erre eta kola zuriarekin nahastuta. Ataripean barnealderantz kokatu ziren harri grisezko lauzen gainean kanpoko argiak egiten zuen islaren eraginez, aplikatutako ke-kolore beltza faltsutu egiten zen, bereziki ate eta leiho parean. Efektu hori saihestearren, sukalde osoa trementina-esentziatan oso-oso diluitutako argizari hutsez inpregnatu zen, pistolaz langarreztatuz, eta produktuak bide batez kolore beltza emana zuela, hain zuzen koipetsu itxura hori lortzearren.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Sarrera
Ukuilua
Gune honi zahar ukitua emateko, eta gailurreko zuren tonua eredutzat hartuz, kolore marroi-beltzezka mate bat sortu zen, ura zuena elementu nagusi, multzo osoari batasuna emateko; kolore hori langarreztagailu batez aplikatu zen, eta hurrena ñabartu eta inguruak zikindu.
Habeen gainean, hautsa erabiliz, denboraren joanak utzitako arrastoak sortu ziren, eta animalien arrastoak erreproduzitzeko, berriz, lokatz, belar berde, sarale eta kolorezko nahasketa bat prestatu zen; eta pareta eta sostengu-habeetako beheko alderantz jaurti hurrena, zipriztinak balira bezala.
Zailagoa izan zen, hala ere, abelgorrien askak egiteko erabilitako zur berri argi-argia disimulatzea. Eginkizun hori, kolore eta lokatz zipriztinez gain, kolpeak, urratuak eta era guztietako orbanak eraginez burutu zen.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Ukuiluko askak
Gelak
Estreinako lana desugertzea izan zen, eta horrela pintura aztarna guztiak aienarazi ondoren, zura hurrengo faserako prest geratu zen. Kolore-sorta beraren barruan hainbat kolore egin zen, eta langarreztagailua erabiliz aplikatu ziren, ez modu uniformean, patina zaharraren itxura lortu zen arte.
Kanpoko fatxadak eta sarrerako ateak
Sarrerako ate berriei dagokionez, ur-zurrutadek egunero-egunero busti zituzten, eta eguzkitan lehortzen egoten ziren, horrela zahartze natural bat eragiteko.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-Sukaldeko fatxada
XVI.mendeko fatxadak
Dekolorazio puntu egokia lortu ondoren, eta ondo-ondo lehortu arte itxaron ostean, makilaje lana egin zuten, zeren eta zur kolorgetuak halako tonu horixka bat hartzen baitzuen eta kendu beharra zegoen. Hainbat material erabili ziren eginkizun horretarako, bai kolore akrilikoak, bai lur-tenperak, bai argizariak, hau da, itzugarria izaki lortu nahi zen efektua eskain zezan. Azkenean, horma-irudi bat egiten ahalegindu ziren, itxura hori eman gabe ordea, zahartze natural bat irudika zezaketen efektu kromatikoak baliatuz.
Igartubeiti K6-Igartubeiti baserriaren zaharberritzea-XVI.mendeko fatxada